Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2026ko ekainaaren 09a, asteartea
hasiera
IARTUTARREN OINETXEA, ERDI AROKO ASENTAMENDUA
©Alberto Santana

Egoera honen aurrean, epaileek erabaki zuten ez soilik Zumarraga eta Ezkiogako baserri sakabanatuez osatu kolazioek itzuli behar zutela Seguraren obedientziara, baizik eta Urretxuko hiribilduak berak ere haren mendean geratu behar zuela. Azken puntu hau, dena den, kontraesankorra zen, eta maila juridikoan aurka egiteko modukoa, zeren eta Urretxu despopulatuta egon arren, bere fundazio lurraldea errege lurra baitzen, eta printzipioz, artean berea zuen pribilegio eta askatasun gutun bat, inork indargabetzekea alegia. Horregatik, auzia berriro planteatu zen 1411n, eta orduko erabakia askoz ñabardura gehiagokoa izan zen.


1411ko arbitraje-epai berriak finkatu zuenez, Villarreal de Urrechuk hiribildu independente gisa jarrai zezakeen, eta egiaz biztanleak inguratu ahal izateko -horrela gertatzea espero baitzuen orain-, eta bide batez lehen unetik beretik beren errenten bidez kontzejuaren kargei eusten lagunduko zuen auzotar multzo bat edukitzeko, auzotartzat hartu beharko zituen Zumarragako nekazariak, ez ordea Ezkiogakoak, hauek behin betiko geratu baitziren Segurari loturik.


Lazkanotarren jauregiko armarria.
Lazkanotarren jauregiko armarria. 
©Xabi Otero

Urte hartakoxe urriaren 8an, orduan Ezkiogako San Migelen kolazioa eratzen zuten hogeita lau baserri sakabanatu haietako familia buruak bildu egin ziren, konkordia-eskritura baten bidez uko egitearren Urretxuko fundazio-gutunean eskuratutako eskubideez baliaturik aske izateko ametsari; era berean, Segurako hiribilduaren auzotartzat har zitzaten prest zeudela adierazi zuten. Onarpen honek berekin zekarren, batetik, Segurako kontzejuak dei egiten zien bakoitzean bertara agertu beharra, eta bestetik Segurako kontzejuarekin batera ordaintzea petxa eta zerga guztiak, hala erregearenak nola kontzejuarenak berarenak. Honen trukean, ordea, ez zuten udal ordezkaritzarako zein erabakiak hartzeko eskubideetako bat bera ere eskuratu. Umilazio hau onartu zutenen artean zegoen Juan Otxoa Iuartukoa, eta honekin batera Arane, Agerrezabal, Igarzabal, Igarzabal Goena, Oiarbide, Mendizabal, Arantzadi, Urruti, Salete, Anduaga, Arantzea, Zabalegi, Olazabal, Osinalde, Pagoaga, Agerre Goikoa, Aeta, Aretxabaleta eta gaur egun desagertuta dagoen Besasti baserrietako patriarkak ere bai. Seguraren garaipenak ere ez zuen askorik iraun. Lazkano familiak artean esan gabe zuen bere azken hitza. 1470ean, nobleziaren goraldi batekin eta Endrike IV.aren monarkiaren ahulaldi batekin bat eginez, Zumarragako kolazioak Urretxurekin zuen lotura etetea erabaki zuen, eta hurrena Areriako Alkatetza Nagusian sartzea; honetan sartuta zeuden, dagoeneko, Lazkao, Olaberria, Arriaran eta Itsasoko kontzejuak. Gai honi buruzko dokumentazioa galduta dago, baina gure ustez une hartan Areria barruan bildu ziren Gabiria eta Ezkiogako kolazioak ere; izan ere, alkatetza honen XVI. mendearen hasierako agirietan dagoeneko alderdi aktibo gisa ageri dira, eta gainera ez zuten harekiko lotura eteterik lortu 1661 arte. Alkatetza Nagusiaren makila Lazkanoko oinetxeko jaunen eskutan egona zen, inolako etenik gabe, antzina-antzinatik, eta jaunok oinordetzaz eskuratzen zuten gainera; alkatetza bera ere oinetxe haren jaurerriaren luzapen-tzat hartzen zuten, nahiz eta XVI. mendean zehar autonomia maila irabazten joan zen.


Igartubeiti euskal haran hezeetako populamendu historikoaren lekuko bat dugu. Honetan, herrixkak eta baserri sakabanatuak ikusten 
ditugu, nonahi, mendietako behe-mazeletan
Igartubeiti euskal haran hezeetako populamendu historikoaren lekuko bat dugu. Honetan, herrixkak eta baserri sakabanatuak ikusten ditugu, nonahi, mendietako behe-mazeletan.
© Xabi Otero

Iartuko etxea, Ezkiogako hegaleko baserri guztiak bezalaxe, Areriako Alkatetza Nagusiari loturik mantendu zen, harik eta 1661ean auzotarrek bere udal independentzia erregeari erosi zioten arte, 800 dukaten truke. Diru kopuru hau jabetza zuten baserritarren artean hainbanatu zen, eta tartean zeuden, noski, Igartubeitin bizi zirenak, historiaren une horretan Arregi abizenekoak.


Prozesu honetan zehar zerbait argi geratu baldin bada, zera da, Euskal Herriko itsas isurialdeko eguteretan lurraldearen okupaziorako funtsezko eredutzat heldu zaigun baserri sakabanatuz osatu populamendu modua zeharo finkatuta zegoela Berant Erdi Aroan, bai behintzat XIV. mendeaz geroztik. Ezkiogako kasuan, ezen, behin eta berriz esango dugu, paradigmatikoa iruditzen zaigu, San Migel parrokia zaharraren inguruan antolatutako herriguneak, oso espazio-kontzentrazio maila laxoa zuena bera, hiru etxe zeuzkan, ez besterik, eta haran barrenean, berriz, eskualdeko berezko bideak zeharkatzen duen inguruan, bakar-bakarrik Anduaga baserria zegoen, hain zuzen egungo auzoari izena eman ziona. Osterantzean, berriz, berant erdi aroko etxe arkitektura gehiena, hau da, baserrietatik %83 baino gehiago, sakabanaturik zegoen inguruan, ezen kokatu ahal izateko mendi aldeko eguteran zeuden ordekatxoak baliatzen zituzten, banaketarako jarraibide bakarra harturik kontuan, honakoa baitzen: zenbat eta inguru maldatsuagoa izan, etxebizitza sakabanaketa handiagoa izango zen.


Iartuko etxea Ezkiogako mazelan XIV. mendean sakabanatutako baserrietako bat besterik ez zen. Inolako elementurik ez dugu eskura, pentsatu ahal izateko presentzia azpimarragarria zuenik, nahiz badirudien baserri jabeak, Gaztelako erregearen aurrean "gizon on eta susmorik gabekotzat" aurkeztu zituztelarik, familia ekimentsu bat izan zirela eta herri-komunitatearen baitan halako gizarte ospe bat bazutela. Eta honek aipatzeko moduko jarduketa publikoetan protagonista izatera eraman zituen, beharbada berek horrelaxe erabakita, agian auzotarrek emandako ordezkaritzaren indarrez.


3
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net