Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2026ko ekainaaren 09a, asteartea
hasiera
IARTUTARREN OINETXEA, ERDI AROKO ASENTAMENDUA
©Alberto Santana
Igartubeitiko sukalde zaharreko lur azpian, lehenagoko zur eta adarrezko etxolagune 
bat zegoen.
Igartubeitiko sukalde zaharreko lur azpian, lehenagoko zur eta adarrezko etxolagune bat zegoen. 
© Xabi Otero

Jakin badakigu azken Iartutarrek edo Igartuatarrek, guri dagokigunez aldaketarik ez baitakar horrek- egungo Igartubeiti baserria XVI. mendearen erdialdean eraiki zutela, eta jakin nahi izan dugu, halaber, Iartu ekintzaileak, Urretxuko amu faltsu haren bidez libreago izatea lortzeko ahaleginean erregeari berari iruzur egin zioten haiek, XIV. mendean non bizi izan ziren. Horretarako Iartuko erdi aroko orubearen okupazio-aztarnen bila jardun dugu, Igartubeiti baserrian bertan, honen barnealde osoaren arkeologi indusketara eta eraikinaren inguruko eremu zabal baten zundaketara joz; zehatz esanda, baserria kokatuta dagoen terrazako espazio txikian etxebizitza egonkor bat kokatzeko baldintza topografikorik egokienak eskaintzen zituzten zonak aztertu ziren. Ikerlanaren emaitzak liburu honexetako beste atal batean askoz zehaztasun handiagoz jasotako horiek nahasgarriak behintzat izan dira.


Harrigarriki, Igartubeitiko sukaldeko zorupean material ga lkorrez altxatu zuten eraikin txiki baten oinplanoa aurkitu dugu; hauxe da Euskal Herriko itsas isurialdean aurkitu den Erdi Aroko baserri arkitektura iraunkorraren lehenbiziko alea. Era berean, baserri barruan murru txiki baten hondarrak, beheragune artifizialak eta argi eta garbi inolako barruti eraikirik definitzen ez duten zutabe-zuloak agertu dira, oso interpretazio zailekoak inolaz ere. Aurkikuntza horietako batek berak ere ez du erabateko kronologia bat eratzeko aukerarik eskain dezakeen elementurik eman, eta baserri inguruko espazioari dagokionez, iraganeko okupazioaren aztarnen bilaketak hutsaren hurrengo emaitzak eman ditu; hau da, arkeologi interpretazioari helduta, berdin-berdin esan dezakegu sekula ez zela ezer egon bertan, edota geroago izandako lanek desagerrarazi zituztela aztarna guztiak.


Famili etxe sakabanatuek Gipuzkoako mazelak kolonizatu zituzten duela mila urte baino gehiago.
Famili etxe sakabanatuek Gipuzkoako mazelak kolonizatu zituzten duela mila urte baino gehiago. © Xabi Otero

Aurkikuntzek, eta batez ere horiei buruzko kronologiarik ez izateak, hainbat dilema planteatzen dizkigute aldi berean, erantzun ezinekoak gainera euskal itsasaldeko eremuko erdi aroko etxe arkitekturari buruzko ikerkuntzen egungo egoeran. Material galkorrez eratu eraikinari dagozkion aztarnak etxolagune batenak dira: perimetroko egitura zurezko 23 zutabetxoz osatuta dago, eta zorua haitzean sakonduta dago, artifizialki alegia, 40 cmko sakoneraraino batez beste. Zutabeen diametroari eta elkarren arteko hurbiltasunari begiratuta, kanpohormei egokien etorriko zitzaien itxitura mota adarrezko bilbe bat izango zen; hau, dena den, kare mortairuz edo buztinez estalita egon zatekeen, isolamendu maila bat lortzeko behintzat, baina aurkitutako aztarnetako batek berak ere ez digu hipotesi hori egiaztatzeko modurik eskaintzen. XIX. mendean zehar Igartubeitiko sukalde historikoaren ingurua, etxolagunea aurkitu den ingurua alegia, bereizi egin zuten, funtzionalki, etxebizitza ingurutik, eta idientzako ukuilu gisa erabili. Horrenbestez, bertako zoruan ehun urte baino gehiagoz behin eta berriz arituko ziren lanean, ukuilu-aitzurraz eta beste hainbat lanabesez, animaliei azpiak atera eta hauek, hurrena, zelaietan ongarri gisa zabaltzeko. Jarduera hau berau nahikoa arrazoi bada aztarna arkeologiko oro aienarazteko, non eta ez diren haitzean bertan egindako aldaketa artifizialek utzitako arrastoak.

Igartubeitiko etxolaren oina elipsoidea da, eta isurialde biko estalkia izango zuen, itxura; bere ardatz nagusia bat zetorkeen egungo baserriaren gailur lerroarekin, eta kokagune zuen mazelaren beraren bizkarrarekin. Barnealdean bi girotan banatuta dago, zutabetxoz eratu trenkada baten bidez; halaz, aurrealdeko heren bat sarrera ingurua izango zen, eta barnealderagokoak, berriz, babestuagoa nonbait, espazio guztiaren beste %70a hartuko zuen. Giro barrenagoko honetan, alboetako bat zoruan nabarmenduta ageri da, haitzean landua alegia eserleku luze edo ohe jarraitu gisa. Espazioen artikulazioak eta banku moduko honen presentziak pentsarazten digu etxola honek egonleku eginkizuna bete zuela, eta bide batez bete betean sartzen gaitu eztabaidagai nagusietako batean, Europako etxolaguneen erabilera historikoaren inguruan sortutakoan alegia.
.


Etxolaguneak, ia ia Europa osoan agertuak Burdi Arotik gutxienez XII. menderaino hartzen duen denbora-epe izugarri luze batean zehar, etxebizitzaren instalazio osagarriekin lotu ohi dira, esate baterako biltegi, silo, ehule eta tailagileentzako txabola eta eskulangintzarekin lotutako beste zenbait lanetarako eginkizunak emanez. Alabaina, ukaezina da gero eta aztarna gehiago ditugula, etxolagune mota batzuk bizileku iraunkor gisa erabili zirela pentsatu ahal izateko.

Etxolaguneei buruzko aurreiritzi historiografikoetako beste bat zera dugu, pentsatzea eraikin multzo zabalagoetan sartuta egon behar zutela ezinbestez, hau da, herrixka edo biztanleguneak sortuz. Igartubeitin ordea ez dugu uste edo susmo hori egiaztatzeko biderik eman diezagukeen ezer aurkitu. Are gehiago, beste etxola batzuen inolako aztarnarik ez bizileku ez erantsi osagarri izan zitekeenik aurkitu ez izanaz gain, inguru hurbilean erabilgarri zegoen eta dagoen espazioa oso urria da, eta gainera zeharo desegokia topografiaren ikuspegitik, bertan hainbat familiak partekatutako inolako nekazaritza-abelazkuntzako ustiategirik antolatzeko.

Datazio erabatekorik ezean, eta Bizkaiko Itsasorako isurialdean alderaketa analogiaz zubiren bat eskain dezakeen beste inolako aurkikuntzarik izan ez dela, alferreko ahalegina egingo dugu Igartubeitiko etxola zein testuinguru historikotan erabili zuten interpretatu nahian. Isurialde mediterranearrean, eta populamendu bilduko ohiko eremuetan, zutabez eta adarbilbez eraikitako etxeak ohikoak ziren VIII. eta IX. mendeetan zehar, horixe behintzat dirudiena, baina zoruak ez zeuzkaten beheratuta. X. mendeaz geroztik, aldiz, eraikin mistoen bidez ordezkatu zituzten, eta horrelakoetan zuraren erabilera, gero eta konplexuagoa, harrizko zokalo eta murrutxoekin batera agertu zen itxituretan. Alta adibiderik ez zaigu falta esateko beste europar espazio urrunagoko batzuetan, esaterako inguru balkanikoan, zutabezko etxolaguneek Igartubeitin ikusitako antzeko espazio-banaketa zutenek irauteaz gain loraldi garrantzitsua ere izan zutela maila lokalean, XII. mende inguruan.

Igartubeitik planteatzen duen arazoa populamendu sakabanatuaren antzinatasunaren ingurukoa da, hau da, noizkoa ote den geografikoki bereizirik eta elkarrengandik urrun samar baina bakarturik ez dauden famili etxalde horiek izan ere eliza baten eta hilerri baten erabilera partekatzen dute, eta ondorioz nortasun propio eta bereizia duen herri komunitate baten zati sentitzen dira- eratu populamendua. Ez baitugu uste, inondik ere, XIV. mendeko Iartutarrak, eta Urretxuren fundazioan lagun izan zituzten Zumarraga eta Ezkiogako auzotar kementsuak historiaren une horretan artean etxolaguneak erakusten digunaren antzeko egoitzetan biziko zirenik. Baina, zalantzarik gabe, Igartubeitiko etxolagunea, dituen kokapen eta ezaugarriengatik, asentamendu familiabakar iraunkor eta sakabanatuen ereduan kokatzen da, nahiz ezinbestez askoz ezarpen antzinagoko bati egokitu behar. Iartutarrei dagokienez, jakin ez dakigu XIV. mendeko orube honetan agertzea orubearen beraren etengabeko okupazio baten ondorioa den, hau da, etxolagunearen beraren garaietatik heldutako okupazioa, edo partzelaren berrokupatze bati dagokion, berau epe batez abandonatuta egon ondoren; dena den, ustiapen unitate sakabanatuz eratutako lurraldearen erabilpen sozio ekonomikorako ereduak beste zerbaiten jarraipena dirudi.

Igartubeiti eta Ezkiogako mazelako Erdi Aroko etxolak benetako baserri bihurtu ziren XVI. mendean zehar, nahiz ez zuten kokapena aldatu.
Igartubeiti eta Ezkiogako mazelako Erdi Aroko etxolak benetako baserri bihurtu ziren XVI. mendean zehar, nahiz ez zuten kokapena aldatu. © Xabi Otero

Gipuzkoan noizkoa da baserri sakabanatuz eratu habitata?. Orain oso goiz da hori esateko, baina Igartubeiti berrien ikerkuntza arkeologikoak eramango gaitu, ez beste ezerk, funtsezko galdera honen erantzunera, eta funtsezkoa diot, ez soilik lurralde honen historia ulertzeko, baizik eta Euskal Herri atlantiko osoarena ulertzeko.

Oraingoz, nahikoa izango da ezagutzen ditugun lehenbiziko famili baserri sakabanatuen izenak, eta hauekin batera egun dituzten kokapenak, 1025ean agertu zitzaizkigula jakitea, hain justu "Ipuscoa" izeneko toki bat Gipuzkoa aipatzen duen estreinako agirian bertan. Agiriko izenak, beste batzuen artean, Tolosako Ezeizazabal, Ezeizagarai eta Berazubi, Albisturko Arrospide eta Altzoko Zuaznabar dira, eta gaur egun famili etxe bakartuak eta beren ezaugarri topografikoei begiratuta herri bildurik inolaz ere egoterik ez zegoen tokiak identifikatzen dituzte. Pentsatu beharko dugu, beraz, duela mila urte inguru ustez Gipuzkoan bizi ziren familia zabal eta erdi nomada haiei buruzko ideia zalantzazkoak zeharo baztertzekoak direla, eta hauekin batera, halaber, euskal itsasaldeko erdi aroko landa paisaia soilik herrixka bildu gisa deskribatzen duten interpretazio berriago batzuk ere berraztertu beharrean daudela.

Erdi Aroko populamendu egonkorraren errealitate historikoa duela gutxi arte uste izandakoa baino aberatsagoa eta askotarikoagoa da, nonbait. Baserri isolatu eta bakartuak izate urri eta berankorra izan dukeen bitartean, seguruenik gainera abeltzaintzako saroien okupazio iraunkorrari loturik, bilbe irekiak eratzen dituzten baserri familiabakar sakabanatuetan oinarritu komunitateak ageri dira, Igartubeitiren eta Goierriko populamenduaren ereduetan ikusitakoaren arabera, espazioaren okupaziorako formula goiztiar eta Euskal Herri Hezean oso oso hedatu gisa; honen dokumentu aurrerakinak XI. mendeaz geroztik behintzat jarrai ditzakegu. Azkenean, herrixka bildua, eliza eta hilerri baten inguruan gune batean elkartutako hainbat bizileku unitatez osatua ez ordea hiritartua, ezta antolatua ere, oso ongi sustraitutako populamendu mota da Bizkaiko Itsasaldeko haranetan, batez ere Debagoienean eta Bizkaiko (Durangaldean) eta Arabako (Aramaioko bailaran) ondoko eremuetan, eta IX. mendeaz geroztik arkeologia bidez dokumentatua gainera.

Kontsiderazio hauek guztiek konpontzeke uzten dute, hala eta guztiz ere, Igartubeitiko mamizko arazoa; izan ere honetan, alde batetik, etxe bat daukagu, baina zehazki ez dakigu nor eta noiz bizi izan zen bertan, eta bestetik, Iartu familia daukagu, bere kideetako batzuk ongi identifikatuta gainera garai eta espazio zehatz batean, baina arrastorik ez dugu nolako etxea zeukaten, eta zehatz mehatz ere ezin esan zein kokapen zuten. Eta hau guztia baserri bizi baten espazio esparru txikian, Iartutarren izena baitarama baserri horrek, fundazio garaiko etxola bera ere bihotzean bertan gorderik izateaz gain. Egungo baserriaren erdiko zutabe handien azpian aurkitutako luzerako murru txikia identifikatzean, eta honekin batera inguruan dituen zutabetxo zulo nahasgarrietako batzuk eta murrutxoak berak mugatzen duen beheragune artifiziala azaltzean, oso oso aukera tentagarria gertatzen da berant erdi aroko bizileku misto egonkor baten aztarnekin lotzea, baina ez dugu ezkutatu behar hipotesi honen oinarriak ahulak direla, eta aurkikuntza hauek berauek ere, izugarri eraldatuta dagoen ukuiluko espazioan egonik, oso adierazgarritasun txikikoak direla; halatan, ez dugu zein obra motari edo zein epe historikori dagozkion zehazterik lortu. Edonola ere, orube hau izan bazen Iartutarren erdi aroko orubea, eta hemen egon bazen haien baserri gotikoa, Iartutarrak berak arduratuko ziren XVI. mendean barreneraino eraisteaz, toki horretan bertan gaur egun ikusten dugun etxea altxatzeko.

4
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net