Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2026ko ekainaaren 09a, asteartea
hasiera
IGARTUA XVI. MENDEA, BASERRI DOLAREDUN BATEN SORRERA
©Alberto Santana

Igartubeiti baserrian ez dago bere erdi aroko iragana gogora ekartzen digun ezer, izena eta kokapena izan ezik. Egiaztapen honek ez du aparteko berezitasunik, zeren eta Euskal Herri Hezeko erdi aroko etxeetatik bat bera ere ez baitzaigu zutik iritsi; ezta neurri batean ere. Badirudi Errege Katolikoen erregealdiaren aurretiko etxe arkitekturaren aztarna guztiak, bai hiri arkitekturarenak bai landa arkitekturarenak, apropos ezabatu zituztela, denak kolpe batez. Suntsitze arau orokor honi ihes egin dioten bakarrak egoitza aristokratiko gotikoen zati batzuk dira, bando-gerretako leinuen dorreak alegia; dena den, horrelakoak ere oso aparteko kasuak dira, ohiz erdi aroko dorretzat aurkezten dizkigutenak baino askoz gutxiago inolako zalantzarik gabe.

Igartubeiti baserriaren erdiko gunea XVI. mendearen erdialdean eraiki zuten. XVI. mendeko euskal nekazariek beren baserriak berreraiki zituzten, populamendu mota berari eutsiz
Igartubeiti baserriaren erdiko gunea XVI. mendearen erdialdean eraiki zuten. XVI. mendeko euskal nekazariek beren baserriak berreraiki zituzten, populamendu mota berari eutsiz. 
© Xabi Otero

Euskal Herrian, XV. mendearen amaieran eta XVI.aren hasierako hamarkadetan zehar etxe bakartuek jasandako erasoak eta halabeharrean zein eraginda sufritutako suteak ugari eta ezagunak badira ere, eta zenbait kasutan hiri osoak hartu zituzten arren, ez dago inolako gerra-hondamenik ez naturakorik, hain lurralde zabaleko etxe arkitektura osoaren erabateko suntsipena sinesteko moduan azal dezakeenik. Egiaz, gizarte bakezko eszenatoki iraunkor batek eta aldeko koiuntura ekonomikoak soilik eratu dezakete gizarte-aldaketa bizkorreko prozesu bat izan zena interpretatzeko testuinguru historiko egokia; izan ere, orduan gertatu zena kultur paradigmaren eta bizimoduaren aldaketa bat izan zen, ez esplizitua, bai ordea kolektiboak onartua. Ez zen, beraz, kataklismo bat izan Euskal Herri Atlantikoko erdi aroko etxeak aienarazi zituena, baizik eta hedapen orokorreko uste bat, pixkanaka pixkanaka gizarteak barneratu zuen bat, lehengoengandik jasotako etxola zahar, txiki, ezeroso eta hauskorraren ordez etxebizitza mota berri bat zertzekoa. Famili etxearen berritze edo berreraikitze orokorreko prozesu honetan, XV. mendearen amaiera aldean hasi eta hurrengo mende osoa hartu baitzuen, baserria sortu zen, Europako bertako arkitekturaren tipologia erregional espezifiko gisa; eta horrelaxe ezagutzen dugu gaur egun ere. Inork ez zituen nekazariak behartu bere etxe zaharrak bazter zitzaten. Nekazariak berak arduratzen ziren etxe zaharrak eraisteaz, maiz asko ikusten dugun moduan etxe berria eraikiko zieten profesionalekin izenpetzen zituzten obra kontratuetan. Are gehiago, norberaren jaiotetxea botatzea eta obrako materialak garraiatzea izaten ziren jabeak bere etxe berria eraikitzeko prozesuan egiten zituen ekarpen pertsonal bakarrak, zeren eta baserri berrien arkitektura produkzioaren prozesua hain zegoen espezializatua, ezen nekazariak zuzenean geratzen baitziren prozesu horretatik kanpo, prestakuntza tekniko egokirik ez zutelako hain zuzen ere. Igartubeiti inguruan XVI. mendean zehar behin eta berriz ikusi genuen aipatutako hau, esate baterako Urretxu eta Legazpi arteko mugako Mendiaraz baserrian, kontratuan jaso baitzuten honakoa: "Joan de Mendiaras de Murua (jabea) sea obligado y se obliga en forma a derribar toda la casa y caseria de Mendiaras de Suso, donde al presente bybe" , edota Ezkiogan bertan, Olazabal baserriko jabeak maisu eraikitzailearekin adostu zuenean baserritarra bera kontratatzea bere etxea eraits zezan: "El baxar y derribar la casa bieja sea acosta del dicho Joan de Arançadi de Olaçabal, y le pague el dicho maese Pedro sus jornales como a otro le da".


Baserriaren beheko oina XVI. mendean, bertan direla ukuilua eta sukaldea, eta etxeko logela bakarra.
Baserriaren beheko oina XVI. mendean, bertan direla ukuilua eta sukaldea, eta etxeko logela bakarra.  © Ramón Ayerza

Euskal baserriaren asmakuntza historikoak inplikazio teknologiko, produktibo eta gizarte mailako ugari dakar berekin. Teknologikoak, lanabes eta eraikuntza teknika berriak inportatu, erabiltzen ikasi eta zabaldu zituelako, hain justu zeharo berria zen arkitektura tipologia baten aleak milaka eta milaka eraikitzeko. Baserria ez baitzen erdi aroko etxolatik abiaturiko bilakaera bidezko sorrera prozesu batetik agertu, baizik eta etxola haren ordezkatzeko erreakzio gisa, eta jauzi hori emateko ezinbestekoa izango zuen kanpoko esperientzia teknikoak ere bere egitea.


Etxebizitza mota berri baten zabalkundearen inplikazio sozialek, famili barneko harremanetan izango zuten eragina nagusiki. Etxeko bizimodurako eszenatoki berri bat itxuratzeak eragina izango zuen, inolaz ere, belaunaldien arteko hierarkia loturetan, genero roletan eta elkarbizitzarako jarraibideetan, eta hauez gain, aldarazi egingo zuen, pixkanaka pixkanaka, publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa; are gehiago, kontzeptu berri batzuk agertzea ere ekarriko zuen, esate baterako intimitatea, erosotasuna edota etxebizitzaren kalitatearen araberako gizarte ordezkaritza.


Igartubeitiren goiko oina XVI. mendean, erdian dolarea duela, aletegi, lehortegi eta mandiorako espazioez gain.
Igartubeitiren goiko oina XVI. mendean, erdian dolarea duela, aletegi, lehortegi eta mandiorako espazioez gain. 
© Ramón Ayerza

Baserria, sorreratik beretik, nekazaritza eta abelazkuntzako produkzio unitate baten lanabesetako behinen eta garrantzitsuena da. Lanabes garestia, alajaina, konplexua eta sofistikatua. Etxe bat da, bai noski, baina bertan egoitza elementuak oso bigarren mailan geratzen dira, bai hartzen duten espazioari dagokionez bai balioen hierarkian, baita, halaber, eskaintzen zaien ahaleginean ere, eraikinak produkzio maila hutsekoak dituen beste eginkizun eta esparruekin alderaturik behintzat. Familia bizi izateko espazioa, bai egunean zeharrekoa bai gauerako dena, Igartubeiti bezalako etxeetan eraikinaren azalera osoaren %15 baino gutxiago da, eta baserriko beste espazio guztiak inguru espezializatu sorta bat dira, hau da, abere mota desberdinak ukuiluratzeko inguruak, uztan bildutako era guztietako produktuak banan bana biltzekoak, eta landare zein animali produktuak eraldatzeko edo eskulangintzarako beste espazio batzuk. Funtzio aniztasun eraginkor eta antolatu eta, beraz, maila ekonomikoan errentagarri hauxe izango zen, eraikinaren beraren sendotasunarekin batera, lehenbiziko baserriak erdi aroko etxola zaharretatik bereizten zituen alderik nabarmen eta erakargarriena; hiruzpalau belaunalditan zehar elkarrekin eman ziren biak, artean iraun baitzuten lehengo etxola haiek, baina hauek azkenean desagertu egin ziren, eraikin iraunkorrak izateko pentsatuta ez zeudelako batetik, eta haiek berregiteko erabakirik inork inoiz hartu ez zuelako bestetik.

1
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net