Ana Igartua izan zen abizenari etxean eutsi zion azkena, eta seguruenik bere aitari edo anaiari ezagutu beharko zaie Erdi Aroko etxola nahita suntsitzea eta egungo Igartubeiti baserriaren erdiko gunea eraiki izana. Hain denbora laburrean hiltze horren modua eta arrazoia, oraingoz, zeharo gauza ezkutukoa zaigu. Baina kontua da apenas izan zutela astirik Erdi Aroko txabola hartatik gaur egun ikusten dugun baserritik bezain urrun zegoen bere etxe berriaz gozatzeko. Lehen lehenik, XVI. mendeko Igartubeiti baserriak ez zuen atari zabalik, eta pentsatzekoa da fatxada nagusiko hegalak zeukan irtenunea nahikoa izango zela, sarrera ondoan euritatik babesteko adinako espazioa sortzeko; izan ere, espazio horretan sutarako egurra bilduko zuten, lanabesak egun argiz konpondu, edota txakurra babestu. Garai hartako baserri batzuetan, harrizko fatxada-murruak zeuzkatenetan, ataripe edo atari zabal bat egiten zuten, bi zutikotan oinarriturik, sarrerako ateak babesteko, baina hemen ez zen horrelakorik gertatu.
Aurrealdeko fatxada honetan bi ate bereizi zeuden, orri bikoitzekoak biak. Ateetako bat gurdiak, lerak eta abereak ukuiluan sartzeko erabiltzen zen, eta bestea, berriz, sukaldean sartzeko, bi harmailaren gaineko atalasea igaro ondoren. Baserria desmuntatu zenean sukaldeko atearen kokagune zehatza aurkitu zen, ordura arte murru batek ezkutatzen baitzuen, goiko ateburuan zeuden-eta jogunearen jangunea eta orrietako erroak artikulatzen ziren albo-orpoak. Ateak bakar-bakarrik barnealdetik ixten ziren, atezango batetik besterainoko atalagez, eta guk dakigunaren arabera, ez zuten kanpotik giltzaz zabaldu edo ixteko moduko sarrailarik, horixe ikusten dugu eta XVI. mendearen hasierako ate gorde gutxi horietako batzuetan, Asteasuko Erritzu baserrian alegia; hau da, etxearen bortxa ezintasuna gizarte- eta lege-arau batek bermatzen zuen, bertako biztanleena berena baino gehiago. Etxean bizi zirenek, halatan, aukera bazuten barruan zeudelarik ongi ixteko, baina ez zioten beharrezko irizten kanpora zihoazenean atea ixteari, nahiz askotan ere ez zen gertatuko. Bestenaz ere, Igartubeiti bezalako baserri bat, oholez eginiko fatxada zeukala, oso hauskor eta erasogarri gertatuko zen kanpoko eraso gogor bat fortunatuz gero, eta paretek askoz gehiago adierazten zuten pribatutasun eta jabetza esparru sinboliko bat, gerta zitezkeen asaltoen aurkako benetako babesa baino. Sukalde-ataria espazio argia zen, oso neurri handikoa, gutxi gorabehera 65 m2 egiten baitzituen, eta bera zen, gainera, etxearen benetako muin eta eragilea. Hain handia izaki, baserriko bizitzaren azken faseetan zatitu eta bereizi egin zuten, espazio txikiagoak sortuz, esate baterako ukuilu osagarri bat, komun bat, korridore bat eta sukalde isolatu bat; hau, hainbeste zati kendu bazioten ere, artean handia zen.
Jatorrizko sukalde handia zen banaketa espazialaren erdigunea, eta komunikazioa zeukan, ate independenteen bidez, ukuilu, logela eta goiko pisurako eskailera-kaxarekin. Gela unitarioa izan arren, giro desberdinak moldatuz zegoen antolatuta, altzarien kokapenaz baliatu ziren eta horretarako. Toki edo gunerik garrantzitsuena sua zegoena zen, atetik urruneneko lekuan alegia, nahiz ez zegoen aire korronteetatik erabat babesturik. Sukaldeko zorua buztin iragazkaitz zapaldu eta trinkotuzkoa zen, eta hantxe bertan pizten zuten sua, azpian harrizko inolako plataformarik paratzeke, eta atzean paretarik edo metalezko plakarik moldatzeke. Erdiko beheko su honek ez zeukan kea biltzeko inolako subururik, baina eginkizun honetarako zeuden, neurri batean behintzat, ekialdeko paretako oholetan ebakitako zulo edo tiroko leihatilatxo karratu batzuk, sukaldean zeudenen buru gainetik moldatuak, zeren eta keak gorantz jotzen baitu, eta bide batez familia babestu egin behar baitzen bete betean aire korronteetan ez geratzeko. Baliteke holtz hartantxe, gaur egun bertan sartutako apalak dituen harlangaitzezko murru bat den horretan alegia, bizkarralde altuko maila bat egotea, bertan pertsona bat etzateko adina luzekoa. Altzari honen aztarnak neurri batean etxearen sostengu-egiturako arotzerian txertatuta egongo zen gatzarietako batean antzematen dira, muturretan ikusten zaio-eta eusteko zurezko larakoak dituen jangune tailatu bat.
Kanporako leihoak ere bazituen sukaldeak, baina baliteke negu partean eta euri garaietan beti itxita egotea, halaz halako ilunantz iraunkor batean utziz gela, leihoak beroak ihes egiteko tokitzat zituzten eta; are gehiago, baserrietan ez zegoen halakoak kristalez ixteko inolako aukerarik, alde batetik kristala gauza urria zelako eta bestetik zegoena ere oso garestia zelako. Leihoetarako beirarik ezean, lantzean behin liho finezko ehun atezatua jartzen zuten, zurezko marko baten gainean, argizari zuriz ongi iragazkaiztuta. Igartubeitiko jatorrizko leihoak galduta zeuden, eta orain birsortu edo itxuratuak bikiak dira, marketeriazko arkua eta zutikako hainbat ohol-orri gidaridunak dauzkatenak, atzetik listoi moztuez elkarri josiak; leiho hauek lurralde honetan gordetako ale gutxi horietako batzuk (Ugarka, Kutunegieta Goikoa eta Landetxo Goikoa baserrietakoak, Jauzarrea dorrekoak...) imitatuz zertu dira. Sukaldea eta abelgorrien askak lotzen dituzten itarkak egiteko ere antzeko leiho sistema erabili da, aska horiek beheko oina zeharka banatzen duen holtzaduraren atzean baitaude.