Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2026ko ekainaaren 09a, asteartea
hasiera
SAGARDO ASTEA 2009

Urriaren 7tik 14ra bitartean


IGARTUBEITI BASERRI MUSEOAK SAGARDO ASTEA OSPATUKO DU, DOLAREA MARTXAN IPINIZ ETA SAGARDOA EGITEKO DUELA  500 URTE ERABILTZEN ZEN TEKNIKA ERABILIZ.
 
Sagardo Asteari hasiera emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren VII. Sagardo Lehiaketako irabazleei sariak banatuko zaizkie Igartubeitin. Gainera, asteburuan ohiko zanpaketa, antzezpen, kirikoketa, sagar erakusketaz gain,  hazitik lihora erakustaldia eskainiko da eta bertsolari, albokari, trikitilari eta talogileek giroa alaituko dute. II. Argazki Digital Lehiaketa antolatu dugu astebururako. Aurtengo sagar asteari amaiera emateko berriz, Gipuzkoako sagardotarako sagarrak izeneko hitzaldia izango da.


Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura eta Euskera departamentuaren eskutik, Igartubeiti dolare-baserri hau zaharberritu du, baserriaren urrezko aroko, hau da, gure historiako garai jorienetako, adierazle bikaina berreskuratzeko eta gure arbasoen bizimodura hurbiltzeko asmoz. Museo bizia izateko sortua denez, eta aurreko esperientzien arrakasta kontuan harturik, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, dolareko lana berreskuratu eta jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskaintzea erabaki dugu.


XVI. mendeko zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea…. jardun honetan dena da zirraragarri.


EKINTZAK:


Zanpaketak


Sagar zanpaketak egunero izango dira, goizez. Asteburu eta Pilarika egunean goizez bi zanpaketa egingo dira, eta arratsaldez beste bat izango da.


Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuan ordea, Jo ala jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150kg sagar gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik.


Antzezpenak


Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute.


XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete.  Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira.


Sagardo Astea 2009 - Antezpenak Ezkio-Itsaso

Sagardoa kirikoketa erritmora


Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatuko ditu, larunbat, igande eta astelehenean, urriaren 10, 11  eta 12an. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da.


Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da,  usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.


Hazitik lihora erakustaldia


Segurako Plaza Zaharreko Lagunen Elkarteak Hazitik lihora erakustaldia eskainiko du urriaren 12an, Pilarika egunean, 16:30etatik aurrera. Agor-lihoa landuko dute, lihoa egiteko beharrezko haria lortzeraino. Prozesu osoa irudikatu dute, garaiko arropak jantzi eta, pausoz-pauso, xehetasun guztiekin azalduko dute lihogintza.


Gipuzkoako sagardotarako sagarrak hitzaldia


Ignacio Javier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuko Fruitu Garapenerako teknikariak Gipuzkoako sagardotarako sagarrak hitzaldia eskainiko du urriaren 14ean, arratsaldeko 19:00etan, Igartubeitiko Interpretazio Gunean, aurtengo sagardo asteari amaiera emanez.


II. Sagardo Astea Argazki Digital Lehiaketa


Urriak 10, 11 eta 12an II. Sagardo Astea Argazki Digital Lehiaketa antolatu dugu. Ikus informazioa eta oinarriak.

 
Sagar erakusketa

Ezkio-Itsason bildutako sagar bariedadeak ikusgai izango dira sagar astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, golden, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste.


Yartu elkarteak, Ezkio-Itsasoko udaletxearen laguntzaz antolatutako erakusketa, baserriko ezkaratzean dago kokatua.



Jende kopuru murriztua


Segurtasun arrazoiak direla eta, prentsaldia egiten den gunean, lehen solairuan,  sarrera murriztua izango da eta ez da erreserbarik onartzen. 
Dena dela, bitartean bisitariek interpretazio zentroa ezagutzeko aukera izango dute.


Igartubeitira nola iritsi


Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1KM) hau da, Ormaiztegi eta Zumarraga artean.


Informazio gehiagorako:
Igartubeiti Baserri Museoa
Kizkitza Ugarteburu
Telf: 943 72 29 78
http://igartubeiti.gipuzkoakultura.net


Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquĆ­ para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la pƔgina de Gipuzkoa.net